hemeroteca de la diáspora vasca (01)
Aurkezpena
Urazandi Digitala proiektua Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren ekimena da eta Amerikako herrialdeetan XIX. mendeaz geroztik agertutako aldizkako euskal argitalpenen digitalizazioaren erronkari heltzea du helburu. Jatorrizko aleak hamaika liburutegi eta artxibotan barrena sakabanatuta daudenez, eta kontuan hartuta bilduma horiek, kasu askotan, ez daudela osatuta, argitalpen bakoitzean kaleratutako zenbaki guzti-guztiak bildu nahi ditugu.
Materiala aurkitu ahala, digitalizatu egiten da eta DVD formatuan gordetzen. Horiek ondoren ekarpen ezin hobe izango dira kanpoko euskal gizataldeei eta horien elkarteei buruzko gai historikoak lantzen ari diren ikertzaileentzat. Horrezaz gain, lagungarri izango dira ondorengo alderdiak ikertzeko: historiaren aldi jakin batzuetan euskal politikak izan duen egoera, migrazio-prozesuak, erbestearen eta errefuxiatu politikoen historia, alderdi politikoen eta bestelako gizarte-erakundeen ibilbidea, ondoz ondoko eusko jaurlaritzen gorabeherak, pentsamenduaren eta kulturaren bilakaera, prentsaren garapena, biografiak eta bestelako aztergaiak.
2004-2007 aldian, digitalizatzeko plana batez ere 1876 eta 1976 arteko urteetara mugatutako produkzio hemerografikora bideratutakoa izan da. Digitalizatzeko lanetan ibili den taldeak, Alberto Irigoyen eta Adriana Patrón teknikari uruguaitarrek osatutakoak, hainbat liburutegi, hemeroteka, artxibo publiko zein pribatu eta dokumentazio-zentroren laguntza izan du. Horiek Euskal Herrian nahiz Amerikako hainbat herrialdetan kokatutakoak dira, baina horien artean euskal etxeetako artxiboak eta unibertsitateetako liburutegiak izan dira nagusi.
2004. urtean Argentina, Uruguai eta Txilen agertutako argitalpenak digitalizatzeari ekin zitzaion. Honakoa izan zen balantzea: hiru herrialde horietan kaleratutako aldizkako 49 euskal argitalpenetatik 8 erabat digitalizatu dira; beste 10en kasuan, zatirik handiena digitalizatu da, eta gainerako 31 argitalpenei dagokienez (horiek zailagoak dira aurkitzen, iraupen laburra izan zutelako edo hedapen-esparru txikiagoa izan zutelako), horietako 16ren % 60 inguru tratatu ahal izango dela kalkulatu da. Venezuelan eta Mexikon kaleratu zirenak, aldiz, 2005ean hasi ziren tratatzen. 2006 eta 2007 urteen artean, Kuba, Guatemala, EEBB eta Amerikako gainerako herrialdeetan argitaratutakoak digitalizatzeari ekin zioten. 2006ko uztailean, Alberto Irigoyen eta Adriana Patrón Kuban izan ziren, Josu Legarretarekin batera, 'Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia' izeneko elkarteko artxibo historikoa digitalizatzeko. Habanako elkarte horretan elkarteari eta beste euskal-kubatar elkarte batzuei buruzko dokumentazioa aurkitu zuten, baita zenbait argitalpen eta bestelako materiala ere.
Proiektuaren lehen emaitza gisa, 12 DVD argitaratu dira guztira, Hemeroteca de la Diáspora Vasca (01): prensa americana y de otros paises izenburupean. Hori izango da Urazandi Digitala serieko 1. zenbakia, Urazandi bildumaren baitan.
Iñaki Aguirre Arizmendi
Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia