hemeroteca de la diáspora vasca (01)

Hitzaurrea

URAZANDI euskal herritarrok Euskaditik kanpoko geografia-esparruetan izan dugun presentziaren memoria historikoa berreskuratzeko proiektua da, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza gauzatzen ari dena.

Euskal Gizataldeen III. Biltzarrean, 2003an egin zenean, aurkeztu ziren proiektuaren lehen emaitzak. Honako herrialdeetako euskal etxeetako ikerketak argitaratu ziren: Bahia Blanca, Bartzelona, Boise, Buenos Aires, Llavallol, Madril, Mar de Plata, Mexiko Hiria, Montevideo (Centro Euskaro), New York, Paris, Rosario eta Tandil. Honako obrak ere argitaratu ziren, guztiak Urazandi bildumaren baitan: La Vasconia Global. Ensayos sobre las diásporas vascas lana, William A. Douglass-ena, eta Diáspora vasca comparada obra, Gloria Totoricagüena rena.

Horiekin batera, bilduma horren 0 zenbaki gisa, Documentos izenburupean argitaratu ziren La Baskonia (1893-1943) euskal-amerikar aldizkariaren digitalizazioak eta Alberto Azua Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko ordezkariaren dokumentazio-fondoa (1921-1981)

2007an Euskal Gizataldeen IV. Biltzarraren esparruan, beste ikerketa batzuk argitaratzeko ohorea izango dugu, hain zuzen ere, Montevideo (Centro Euskal Erria) eta Valparaisoko euskal etxeen eta NABOren (North American Basque Organization) historia. Horrezaz gain, batez ere Amerikan eta azkeneko 100 urteetan argitaratutako euskal aldizkariak digitalizatzeko lan benetan handia aurkeztuko dugu, Adriana Patrón eta Alberto Irigoyenek egindakoa. Horrek emango dio hasiera Urazandi Digitala serieari, bilduma horren baitan.

Irigoyen eta Patrónek egindako lana garrantzi handikoa da, bai bildutako dokumentuen bolumenari begiratuta –180.000 orrialde inguru–, bai galtzeko arriskua saihesteko egindako ekarpenaren aldetik begiratuta, argitalpen hauetako zenbaki asko samar galdu dira eta.

Bilduma hau bere garaian eskura zituzten dokumentuak digitalizatzeko utzi zizkiguten euskal etxe, erakunde eta pertsonentzat argitaratu dugu orain, eta bilduma honi esker orain arte ezagutzen ez genituen argitalpenen izenburuen berri izan dugu. Familietako edo/eta erakundeetako artxiboak ezagutzeko aukera ere eman digu, eta horiek digitalizatzeko lana oso lagungarri izango zaie euskal emigrazioa ikertzen ari direnei.

Helburu horixe gogoan hartuta, gure zuzendaritza azkeneko 100 urteetan prentsa amerikarrean argitaratutako euskal albisteak digitalizatzeko eta bestelako dokumentuak -soinudunak, grafikoak edo/eta fotografikoak- biltzeko zereginetan ari da.

Proiektu hau gauzatzen lagundu diguten pertsona eta erakunde guztiei eskerrak eman beharrean gara. Eskerrik asko guztioi.

Josu Legarreta Bilbao
Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria